ENERGIA: BIZITZAREN MOTORRA

 

Familia estimatua,

Eskolako Agenda 2030aren trantsizio urteen ostean, iritsi da bi urteko zikloari hasiera emateko momentua. Orain arte egin den moduan, eskoletako jasangarritasunaren hariari helduko diogu, eta bide horri jarraiki, datozen bi urteetarako ere gaurkotasun handiko egoera bat lantzea proposatzen zaizue. Energia: bizitzaren motorra.

Une honetan pisu handia hartu du energiaren gaiak gizarte arloan, nabarmenduz gizakiak harekin duen erlazioa eta harekiko duen beharra, agerian utziz izakiak ekodependienteak garela. Izan ere, gure gizartearen antolaketaren oinarrietako bat da energia.

Energiarekiko dugun menpekotasun hau, alabaina, testuinguru berezian ematen da gure inguruan. Izan ere, egunerokoan erabiltzen dugun energiaren iturriak kanpokoak izaten dira (%90 inguru). Hala, horiekiko dugun menpekotasuna oso handia da.

Energiaren gaiak, lotura zuzena du eguneroko edozein jarduerekin. Mundu mailako mugikortasunean bakarrik ez, baita aurreneko sektoretik hasi eta hirugarren sektorerainoko jarduera ekonomiko guztietan lehengaia da. Horrez gain, etxebizitzetan eta ikastetxeetan egunerokoan presentzia nabaria duen gaia da. Honakoak dira egungo energiaren datuak EAEn: Industria: %61, hirugarren sektorea: %19, garraioa: %17, administrazioa: %3 (EVEren 2020eko txostena)

Dudarik ez da, une honetan, gizartean gaiak hartu duen pisua ez dela nolanahikoa. Batetik, elektrizitatearen, gasaren eta beste hainbat erregairen prezioen igoera dela-eta. Bestetik, Ukrainiako gerrak sorturiko energia dependentzia agerian utzi duelako, baina horrez gain, gizarte mailan agerian gelditzen ari den pobrezia energetikoari aurre hartzeko, hainbat proiektu ari dira jartzen martxan. Hori gutxi ez eta, energia subiranotasunaren aldeko apustua egiten ari dira. Hala, herritarrak beste mota bateko kudeaketa ari dira eskatzen. Askotan, herri mailako energia iturri ezberdinak indartu nahian, bai herritarrak taldeetan antolatuz edota Udalak berak ardura hartuz eremu horretan. Era berean, energia horiek lortzeko gizakiak sortzen duen inpaktua ere mahai gainean jarri da, erregaien eta larrialdi klimatikoaren lotura zuzena azpimarratuz.

Argi geratzen da, beraz, energiaren gaia hainbat ikuspuntu desberdinetatik jorratu daitekeela eta lotura estua duela beste gai batzuekin: ekoizpen eta kontsumo jasangarria (GJH11), larrialdi klimatikoa (GJH13), pobrezia (GJH 1), bakea (GJH16), energia subiranotasuna, deshazkundea....

Horrek talka egiten du, ordea, hezkuntza mailan energia gaiaren lanketa urriarekin. Energiaren gaiak, sarri sortu izan du kezka hezkuntza mailan, Haur Hezkuntzako edota Lehen Hezkuntzako ikasleekin landu ahal izateko. Gaiaren konplexutasunak, eta energiaren kontzeptua ulertzeko zailtasunek, sarri, gaia adin txikikoekin ez lantzea ekarri du. Ordea, adituen esanetan, energia lantzeko modu berriak eta erakargarriak sortu dira azken urteetan eta ezinbestekoa ikusten dute energiaren kontzeptua mahai gainean jartzea, adinean gora egitean energiarekin lotutako kontzeptu konplexuagoak landu ahal izateko (Learning progressions).

Hortaz, Ingurugelatik 7. GJHren lanketa proposatzen dugu, Gipuzkoako eskualdeetan lantzeko eta ahal izanez gero, sare lana eta proiektu amankomunak sustatu ahal izateko.

Agur bero bat,

Eskolako Agenda 2030eko batzordea