HEZKUNTZA ESKAINTZA

NORTASUN EZAUGARRIAK:

 

Urumea Ikastola HLHI ikastetxe euskalduna da, anitza eta publikoa, ā€œDā€ ereduan oinarritua, hau da, euskara da komunikazio eta hezkuntza hizkuntza.

 

Familiekin elkarlanean, ikasleak osotasunean heztea, ikasleak dimentsio guztietan eraginkortasunez jarduteko trebatzea du helburu: ikasleak bizitzarako presta daitezen, gizarte batean bizitzeak eragingo dizkien gaiei erantzuten jakingo duten hiritar gisa aritzeko konpetentziak eskuratuz.

 

 

 

URUMEA  IKASTOLA HLHI Ikastetxearen  helburu nagusia, dituen ikasleak heztea izango da, beraiengan gure gizartea ezagutzeko interesa eta jakin-mina piztuz eta zailtasunen aurrean egoera gainditzeko behar diren gaitasunak garatuz. Azken finean, ikasleek ikasketetan arrakasta lor dezatela, norberak bere ahalmen guztiak garatuz eta pertsona onak izan daitezen lagunduz. Kalitatezko heziketa eta bizikidetza giro egoki bat lortzeko guztion ahaleginak eta konpromisoa uztartzea ezinbestekoa izango da.

 

Hiritar arduratsu lortzeko zeregin horretan ere azpimarratu nahi dugu pertsonak eta ingurumenaren arteko harremanak hobetu eta bizi-kalitatea hobetze aldera sustatuko ditugun ekintzak (agenda 21 programaren barruan), hau ere eskola komunitatearen konpromisoa den heinean.

 

 Helburu hauek lortu ahal izateko proiektu desberdinak jorratuko eta burutuko ditugu, hala nola, teknologia berriak, ingurumenarena, euskararen sustapena, irakurketa-idazketarena, bizikidetza, aniztasuna, matematika konpetentziak,...betiere ikasleen ongizatea eta konpetentzi desberdinetan garatzea lehenetsiz.

 

Hau dela eta, etorkizunari begira, etengabeko eguneratzeari, ikastolako zerbitzuak hobetzeari eta hezkuntza-komunitate guztiaren partaidetza bultzatzeari ekingo diogu, partaide guztien arteko errespetua  bermatuz.

 

 

 

1. Euskalduna.

 

D eredua izaki, euskaraz irakasten ditugu gai guztiak (gaztelera, ingelesa eta frantsesa izan ezik) eta Euskal Kulturaren ezagutza eta harekiko begirunea ditugu ardatz. Euskara hizkuntza nagusia izanik, pertsona eleanitzak hezi nahi ditugu.

 

Ikasle euskaldunak alfabetatzen ditugu eta erdaldunak euskalduntzen. Euskararen erabilera bultzatzen dugu elkarren arteko harremanetan. Euskal Kultura bultzatzen dugu haren ezagutza, transmisio eta bizipenari loturiko jarduerak antolatuz eta beste erakundeek antolatutakoetan parte hartuz.

 

 

 

2. Parte-Hartzailea.

 

Hezkuntza Komunitatea osatzen duten partaide guztien (gurasoak, ikasleak, irakasleak, langileak) askatasuna bermatzen duena eta ikasleen artean giza eskubide eta tolerantziarekiko begirunea bultzatuko duena.

 

Guztien arteko elkarlana garatuko da, informazio kontsulta eta erabakiak hartzeko prozedura zabal eta ireki batetik abiatuta, ikastetxeko erakundeen garrantzia nabarmenduz (klaustroa, zuzendaritza taldea, Eskola Kontseilua, Guraso Elkartea, bestelako langileak).

 

 

 

3. Anitza.

 

Guztion eta guztiontzako eskola eraiki nahi dugu, aukera berdinak eskainiz eta jatorri desberdinak kontuan hartuz.

 

Gizartearen aniztasunetik abiatuta, ikastetxe bateratzailea eta inklusiboa da gurea, ikasleen aniztasunari eta hezkuntza beharrei erantzuna emanez inolako diskriminaziorik gabe. Honekin batera pertsona irekiak, kritikoak eta autonomoak lortu nahi ditugu.

 

Ikasle guztiontzako kalitatezko hezkuntza eraikitzeko konpromisoa dugu, haur guztiek, bazterkeriarik gabe, eskolan arrakasta lor dezaten eta norberaren autonomia garatu dezaten.

 

 

 

4. Hezkidetzailea.

 

Berdintasunera heltzeko eta sexu-desberdintasunak direla eta inolako diskriminaziorik gerta ez dadin, gure jardunean hezkidetzan oinarritutako eredua bultzatuko da, tradizioaren rolei garrantzirik eman gabe eta ikasleari bi sexuen egiteko-irudi anitzak bereizketarik gabeak eskainita.

 

Ikasleen partaidetza eta hausnarketarako bideak bultzatuko ditugu gure inguruko gizarte-giroaren aldeko ekintzetan eta hobekuntzaren aldeko ekintzetan.

 

Hezkidetzak, neskak zein mutilak, norbera eta besteekiko errespeturantz gidatu behar gaitu, gizartean nork bere nortasuna askatasunez garatu ahal izateko.

 

 

 

5. Etengabeko prestakuntza.

 

Ikasleari eskaini behar zaion arreta eta orientazioa dira gure lanaren oinarria, ondorioz, irakasleen elkarkidetza, partaidetza eta etengabeko prestakuntzan jarduten gara.

 

Ikasleen familiei informazioa, laguntza eta aholkuak eskaintzen zaizkie, ikasle bakoitzaren bilakaeraren jarraipena ziurtatuz eta tutoretza-lanak sendotuz.

 

 

 

Egungo gizartearen ezaugarriek erronka berriak ezartzen dizkiote hezkuntza sistemari. Ikaslearen informazioaren, kultur aniztasunaren eta teknologia berrien gizarteari erantzuteko prestatu beharrean gaude horregatik gure xede nagusia ikasleak dimentsio guztietan eraginkortasunez jarduteko trebatzea izango da.

 

 

 

 

 

METODOLOGIA:

 

 

Metodologia eraginkor bat dugu abiapuntu helburu hauek guztiak bete ahal izateko. Haurra da gure hezkuntzaren xede nagusia, bakoitzaren garapena, erritmoa,ā€¦ kontuan hartuta ikaskuntza esanguratsua izan dadin. Horretarako, jokoa, manipulazioa eta helduen munduaren imitazioa ditugu abiapuntu, lan eraginkor, autonomo eta sortzaile baten bidez.

 

 

 

EBALUAZIOA:

 

 

Tutorearen eta irakasle-taldearen ardura da hezkuntza prozesuaren ebaluaketa, ikaskuntza prozesuaren eta irakaskuntza jardueraren etengabeko ebaluaketan oinarrituta. Horretarako, hasierako ebaluazioa dugu abiapuntu; ondoren, ebaluaketa hezigarrian kontuan hartzen ditugu egitekoen, partaidetza-mailaren eta jarduera desberdinen jarraipen mailaren gaineko azterketa. Termino kualitatiboen bitartez baloratzen da prozesu hau: jaso egiten dira haurrek egindako aurrerapenak, kasu bakoitzean hartu diren errefortzu edo indartze neurriak.

 

Ziklo bakoitzaren bukaeran, ikasle bakoitzak egindako aurrerapenaren, ziklo eta etapan lorturiko helburuen eta arki bakoitzean zehaztutako helburu eta irizpideen aurrean lortutako mailaren estimazio globala egiten dugu.